Avsnitt
-
Lagun arte gozoan eman diote amaiera Korapiloak podcastaren denboraldiari Ainhoa Etxebarriak eta Iñigo Antsorregik.
2020 urte iluna izan zen guztiontzat. Gertuko baten heriotza sufritu zutenentzat, are gehiago… Ainhoa Etxebarriak aita galdu zuen 2020ko maiatzaren 1ean, ospitaleratze luzearen ondoren eta Covid 19ak eragindako pandemniaren erdian.
Dolua eta azken agurra asko luzatu ziren, egoera sanitarioak hala eraginda. Bitartean, Ainhoak irratiko eta telebistako lanak egiten jarraitzen zuen, beti irribarrea eskainiz, bai ikusleei bai entzuleei. Baina mina barrutik zihoan… Eta handik gutxira, esatariak lana utzi zuen, min horri lekua egin, lanketa pertsonala hasi eta deskantsua hartzeko.
Hiru urteren ondoren, prozesu luze hura gogoratu dute Iñigon eta Ainhoak. Maitasun hitzekin eta begiak bustita borobildu dute atala.
Korapiloak podcasta, New Mediak ekoizten du EITB podkasterako.
-
Leire Martinez abeslaria, Iñigo Antsorregiren gonbidatua Korapiloak podcastaren hogeita hirugarren atalean.
Leireren haurtzarotik hasi dute elkarrizketa. Izan ere, benetan markatu zuen gertakizun bat bizi izan zuen orduan: gurasoen banaketa. Horrekin eta nerabezaroarekin batera, beste elementu batzuk agertu ziren: antsietatea, amesgaiztoak, gorputzarekiko konplexuak… baita depresioa ere.
Terapia eta lan pertsonal izugarriaren ondoren, Leire, abeslari moduan ezagutzen du munduak. Foku mediatikoak, ordea, alderdi iluna ere badu…
Urteak pasa dira. Leirek lanketa pertsonala egiten jarraitzen du. "Inoiz baino Leireago sentitzen naiz". Gainera, coaching proiektu bat ere jarri du martxan, laguntza behar duenari horixe eskaintzeko.
Leire haurrari ere eskaini dizkio hitz batzuk, elkarrizketari amaiera hunkigarria emanez.
-
Saknas det avsnitt?
-
Imanol Agirretxe, Realeko jokalari ohiaren ibilbideari errepasoa eman diote futbolariak eta Iñigo Antsorregik "Korapiloak" podcastaren hogeita bigarren atalean.
2005eko maiatzaren 8an Realaren lehen taldearekin bizitako lehen deialdia izan da abiapuntua. Hortik aurrera, ibilbidean geltoki asko izan dituzte: Castellonera utzita joan zenekoa, Realaren jaitsiera eta igoera, Barçari sartutako gol gogoangarria, Championsa… Baina baita Imanolen kirolari ibilbidea moztuko zuen gertakaria ere: Bernabeuko lesioa.
Imanolek garbi du: "Kirolean, bizitzan bezala, gauza batzuk ezin dira aukeratu". Lesioa nola kudeatu zuen kontatu ondoren, Agirretxeren agurreko omenaldia gogoratu dute. Gaur egun zertan dabilen ere jakin dugu.
-
Itzea Urkizu kazetaria elkarrizketatu du Iñigo Antsorregik Korapiloak podcastaren hogeita batgarren atalean.
Amatasunaren gaiak dituen ertz ugari landu dituzte Itzeak eta Iñigok, kazetariaren bizi esperientzietatik abiatuta: haurdunaldiak ekar ditzakeen beldurrak eta kezkak, pandemia baten erdian haur bat mundura ekartzea, "Amazaroa" edo amak haurra izan ondoren paira dezakeen bigarren nerabezaroa… Eta abortua.
Hitz egin nahi ez diren kontu askori buruz egin dute berba Urkizuk eta Antsorregik. Gauza bat garbi gelditu da behintzat: amatasunak kolore asko izan ditzakeela, argiak eta ilunak. Eta garrantzitsua da guztiak erakustea eta ikustea.
-
Erika Rio gaztea elkarrizketatu du Iñigo Antsorregik Korapiloak podcastaren hogeigarren atalean.
Bizitza gogorra izan du Erikak: bullyinga, aitaren bipolaritatea, aitonaren tratu txarrak, osabaren suizidioa… Elementu guzti hauek psikologoarengana eraman zuten 8-9 urterekin. Baina arazoak areagotu egin ziren: autolesioekin hasi zen.
Hainbat aldiz ospitaleratua izan da. Lehena, bereziki, gogorra egin zitzaion, "ez nuen ulertzen zergatik nengoen han. Inork ez zidan azaldu". Azaldu ez zitzaion beste gauza bat mugako nortasunaren nahasmendua (TLP) zuela izan zen. Behin heldua zela, ospitaletik alta emandakoan jasotako txostena irakurtzeagatik jakin zuen nahasmendu honen berri.
2023ko otsailean atera da azkeneko erietxetik. Helburu berriak ditu: lana egin, pisu bat lortu "eta behea jotzen dudanean, gora etortzen jakin".
-
Ekain eta Eider Huerta neba-arrebak elkarrizketatu du Iñigo Antsorregik Korapiloak podcastaren hemeretzigarren atalean.
10 urte zituela, arraro sentitzen zen Ekain: konpultsioak zituen. Telebistan irakurritako abizenak behin eta berriz irakurtzea edota komuneko objektuak modu oso zehatzean ordenatzeko beharra. Gurasoengana jo eta psikologo batengana joan ziren. Honek "umeen kontuak" zirela esan ostean, psikiatra batek eman zien erantzuna: Ekainek NOK-a zeukan.
Handik urte batzuetara, Eider ere arazoekin hasi zen. Pentsamendu intrusiboak zituen. Berari ere diagnostiko berdina iritsi zitzaion, baina nebaren nahasmenduan konpultsibitatea nagusi zen bezala, arrebarenean obsesibitatea zen nagusi. Beraien bizi esperientzia partekatu dute neba-arrebek, baita egunerokotasunean nahasmenduari aurre egiteko dituzten erramintez ere.
-
Berrogeialdiak bere musikari ibilbidearen hasieran harrapatu zuen Iratxe, lehen singlea kaleratu berritan. Guztiok etxeratu gintuztenean, oso hilabete txarrak pasa zituen, askok bezala. Egun haietan bizitakoak, denbora batera, beste arazo batzuk ekarriko zituen: antsietatea, intseguritateak, oholtzan txiki sentitzea…Urte eta erdi terapian igaro ostean, indartsuago sentitzen da Iratxe. Eta berak garbi du: "Kai Nakaik asko lagundu dio Iratxeri".
-
Marijo Lopez, Iñigo Antsorregik "Korapiloak" podcastaren hamazazpigarren atalean gonbidatu duena. Marijo, 22 urterekin taberna bat ireki ostean, alkohola egunero edaten hasi zen, bestelako drogak kontsumitzeaz gain. 29 urte zituela, osteopata batek ispiluaren aurrean jarri zuen. "Zure adineko alaba bat dut. Zure itxura balu, nazka emango lidake". Esaldi gogor horrek "klik" bat eragin zion buruan, eta droga guztiak utzi zituen. Alkohola izan ezik…
Urte askoren ostean, eta psikologo batek "edale soziala" zela esan ondoren, AERGI elkartera iritsi zen Marijo. Han jabetu zen zein zen errealitatea: alkoholismoaren zuloan zegoen.
7 urteren ondoren, eta errehabilitazio prozesu gogor baten ostean, alkoholik edan gabe bizi da Marijo. "Lehen alkoholak definitzen zuen nolakoa nintzen. Orain ez". Hala ere, euskal gizarteak alkoholarekin arazo larria duela uste du.
-
Lorea Intxausti aktorea Iñigo Antsorregiren gonbidatua Korapiloak podcastaren hamaseigarren atalean.
Nerabezaroan bullyinga jasan behar izan zuen Loreak. Bat-batean, udako oporraldi batzuen ostean, ezer ez zen berdin bere eskolan eta bere lagunekin. Ikusezin sentiarazten zuten. Loreak, ordea, ausardia batu eta egoera salatu zuen.
Argia ikusten hasi zen Gaztetxo Antzerki Eskolan izena eman zuenean. Lagun berriak egiteaz gain, ikaskide berriak izango zirenak aurkitu zituen bertan. Eskolaz aldatu eta denak hobera egin zuen. Gaur egun, aktorea da Lorea, besteak beste "Go!azen" telesailagatik ezaguna. Bullyinga egiten zion jendeak, orain, autografoak eskatzen dizkio. "Bizitzak ematen dituen bueltak". Berak garbi du hala ere: "barkamena eskatzea ere ondo legoke".
Entzun atala!
-
Jesus Mari Guzman elkarrizketatu du Iñigo Antsorregik Korapiloak podcastaren hamabostgarren atalean.
Umetan, alperra zela esaten zioten irakasleek Jesus Mariri. Dirudienez, erraz distraitzen zen eta asko kostatzen zitzaion geldirik egon eta ikasketetan zentratzea. 30 urterekin, ordea, informazio faltak ordura arte ukatutako errealitatea ezagutu zuen Jesus Marik psikiatra bati esker: AGNH-a zeukan, Arreta Gabeziaren Nahasmendua eta Hiperaktibitatea.
Gaur egun, 42 urte ditu Jesus Marik. "Eta gaitza ez da joan. Ez da joaten". Umetan ez zuen informazioa baliatzen du bizitza normala egiteko. Kirolak ere asko laguntzen dio.
-
Unibertsitateko lehen urtean, ikasturteko unerik gogorrenean, ahotsak entzuten hasi zen Maialen Mendinueta. "Olentzero zen, niri deika. Erresidentziako ate guztiak ireki nituen bere bila". Gerora jakingo zuen Maialenek pairatu zuen hura agerraldi psikotiko bat izan zela. Iñigo Antsorregik "Korapiloak" podcastaren hamalaugarren atalera gonbidatu nahi izan du.
Hurrengo urteetan agerraldi gehiago sufritu zituen, baita depresioan erori ere. Hala ere, gaur egun bizitza normala darama. "Posible da". Izan ere, helduleku guztiak beharrezkoak dira burua errealitateari lotuta mantentzeko.
-
Korapiloak podcastaren bigarren denboraldiari hasiera emateko, Eriz Alberdi aktorea gonbidatu du podcastara Iñigo Antsorregik.
2021eko urrian, odoleko minbizia mota bat diagnostikatu zioten Erizi. Mieloma anizkoitza, hain zuzen ere. Baina gaixotasun fisiko batek ondorio psikologikoak ere badakartza… Eta tunela oso luzea eta iluna izan daiteke.
Prozesu horretan, helduleku askoren falta somatu du Erizek: bizikletan ibiltzea, txakurraren konpainia… Baina, garrantzitsuena, bere ofizioa eta pasioa, antzerkia. Hala ere, laster oholtzan egotea espero du aktoreak. "Jo eta ke, irabazi arte!".
-
"Korapiloak" podcastaren lehen denboraldiari amaiera emateko, Xabin Fernandez elkarrizketatu du Iñigo Antsorregik.
2013ko martxoaren 11ak, bizitza goitik behera aldatuko zion dei bat jaso zuen Xabinek. Dei harekin, seropositiboa dela jakin zuen. Ia 10 urteren ondoren, denbora guzti honetan bizitakoak, kalean jantzitako maskarak eta guztia barruan gordetzeak eragindako arazoak izango ditu hizpide Antsorregirekin batera. Baita "Kanpora sartzen" deituko den komedia bat ere. Antzezlan hau, gainera, data berezi batean estreinatuko da: 2023ko martxoaren 11an, telefono dei huraren hamargarren urteurrenean, hain zuzen ere.
-
Mikel Idoate elkarrizketatu du Iñigo Antsorregik Korapiloak podcastaren hamaikagarren atalean.
Pilotaria izateagatik ezagutu genuen Mikel Idoate, baina gaur egun, kantxetatik guztiz urrundu gabe, beste lan batean dihardu: Izarra izeneko beilatokian. Heriotza eta dolua eguneroko ogia duen lanbidea barrutik ezagutu nahi izan du Antsorregik, eta Idoatek xehetasunak eta gakoak eman dizkio. Baita hiruzpalau hausnarketa ere. Izan ere, lehenago edo beranduago, guztioi iritsiko baitzaigu bai heriotza baita dolua ere.
-
EHUko irakasle eta ikerlaria da Alexander Muela eta bera elkarrizketatu du Iñigo Antsorregik Korapiloak podcastaren hamargarren atalean.
Alexander eta Unibertsitateko bere ikerketa taldeak ikerlan bat egin du: "Suizidioa animalien bitartezko psikoterapiarekin prebenitzeko ikerlana". Bertan, txakurren presentziak jokaera eta ideia suizidak dituzten gazteei bideratutako psikoterapian izan ditzakeen onurak aztertu dituzte. Ikerketaren gakoak aipatzeaz gain, gazteen egoeraren inguruan hausnartu dute Muelak eta Antsorregik.
-
Maria Zunzunegi elkarrizketatu du Iñigo Antsorregik Korapiloak podcastaren bederatzigarren atalean. Bere psikologoa! Mahaiaren aldeak trukatu dituzte, elkarrekin elkarrizketa goxo eta atseginean murgiltzeko.
Mariari, anorexia diagnostikatu zioten hamairu urte zituela. Ia hamar urteko borroka suposatu zuen berarentzat. Gaur egun, psikologoa da eta "mahaiaren beste aldean" dihardu. Lehen eta hirugarren pertsonan bizitakoak ekarri ditu podcasteko mikrofonoetara.
-
Miren Larrion, Gasteizko udaleko EH Bilduren bozeramaile ohia, elkarrizketatu du Iñigo Antsorregik Korapiloak podcastaren zortzigarren atalean.
2021eko urte hasieran, hauxe irakurri genuen prentsan: "Miren Larrionek lankide baten datuak erabili zituen kontu korronte bat irekitzeko". Ondoren, Mirenek dimisioa aurkeztu zuen. Baina inork ez zigun kontatu atzean zegoena…
Podcastean, Mirenek berak kontatu digu bere istorioa: politikari izateak ekarri zizkion sufrimendu eta disoziazio egoerak, sendatze prozesua nolakoa izan den eta "Las tullidas" deituriko lagun taldearen maitasuna, besteak beste.
-
Josu Viana elkarrizketatu du Iñigo Antsorregik Kopapiloak podcastaren zazpigarren atal honetarako. Josuk, ludopatia sufritu zuen. Ohiz joaten zen tabernan apustu makina jarri sutenean hasi zen dena. Nobedadea ohitura bilakatu zen. Eta ohiturak, gezurrak, galerak eta sufrimendu handia ekarri zuten. Egoerak guztiz gain hartuta, laguntza eskatzea lortu zuen Josuk. Prozesu luze eta zailaren ostean, bere buruari "jokalari-ohia" deitu ahla dio. Gaur egun, eskoletan gazteei prebentziorako hitzaldiak ematen dihardu.
-
Nerea Astigarraga psikologoa elkarrizketatu du Iñigo Antsorregik Korapiloak podcastaren seigarren atalean.
2011an, nahasmendu bipolarraren diagnostikoa jaso zuen Nereak. Psikiatrak jarritako bidea beretzat egokiena ez zela iruditu ostean, bide berri bati ekin zion Astigarragak: psikologia ikasteari. Horrek erramintak eman zizkion auto-laguntzarako. 2016tik, "eutimia" fasean bizi omen da, eta bere prozesua eta bizipenak jaso ditu "Resetea tu vida" izeneko liburuan.
Tabuz eta ez-jakintasunez inguratutako gaixotasun honi buruzko xehetasunak emateaz gain, bere bizi filosofia eta testigantza partekatu ditu psikologoak Iñigo Antsorregirekin.
-
Jon Salsamendi arraunlari ohi eta entrenatzailea elkarrizketatu du Iñigo Antsorregik "Korapiloak" podcastaren bosgarren atalean.
2009an antsietate krisi bat izan zuen Jon Salsamendik. Benetan gertatzen zitzaiona jakin gabe, osasun mentaleko langile batek eman zizkion gertatzen ari zitzaionaren gakoak eta argibideak. Ordutik, eta lau urteko sufrimendua atzean utzita, bizitza filosofia eder eta garrantzitsuarekin bizi da oriotarra: "Osasun mentalarekin arazoren bat baduzu, aurre egin behar diozu. Ezin da ezkutatu".
- Visa fler